Urrats berri bat egiteko prest daude KK in Zona taldeko gazteak. Urretxuko Udalak utzitako lokala egokitzen ari dira, irratiaren egoitza hara eramateko. Lekua atontzen dihardute orain KK in Zonako kideak. Materialak hamaika modutako birziklapenaren ondorio dira. Izan ere, KK in zona irratiaren proiektuak autogestioa du oinarri, eta horretarako auzolana da modu bakarra.
Iazko apirilean egin zuen lehenengo emisioa KK in zona irratiak. Motz tabernaren ondoko lokal batean egin ditu orain arteko urratsak. Internetez hasi zituzten emisioak, eta orain FMra salto egin nahi dute. Iaz hori erronka handia zen arren, orain betetzear daude. Irratia sortu zutenetik KK in Zona kolektiboko kideek autogestioa izan dute helburu. Horregatik bazkideen zerrenda ireki eta dagoeneko hirurogei bat bazkide baditu irratiak.
Irratia KK in zona fanzinearen adar gisa sortu zuten. Beti ere espazio ireki gisa, irratian zer esana duen edonork sortu dezake bere programa, irrati librea baita.