
Abenduaren 13an Santa Lutzi feria euritsuan ateratako argazki bildumarik onena Josu Perez zumarragarrarena da, iaz bezala. Halaxe ebatzi du argazki rallyko epaimahaiak, larunbat goizean egin zuten aukeraketaren ondoren. Bost sari izendatu dituzte guztira, eta lau goierritarrentzat izango dira. Ostiralean, 20:00etan, egingo dute argazkien proiekzioa eta sari banaketa Urretxuko Labeaga aretoan.
Josu Perez zumarragarrak jasoko du lehenbiziko saria ostiralean. Bigarren Irati Etxenagusia azpeitiarra geratu da, eta hirugarren Julian Gil legazpiarra. Urretxu-Zumarragako partaideen artean sailkapen berezitua egin dute, bi sari jarrita. Urretxuarrentzat izan dira biak: Carlos Mediavillarentzat lehenengoa eta Guillermo Murciegorentzat bigarrena.
39 partaidek eman zuten Santa Lutzi egunean izena, eta haietxek jardun ziren feria erretratatzen; baina azkenean 32 bilduma jaso dituzte antolatzaileek. Argazkia elkarteak antolatu du lehiaketa, Zumarragako eta Urretxuko udalek lagunduta.