
Larunbatean euskal triatloi zirkuituaren barruan Lekeitioko XVII. Triatloia jokatu zen. 450 bat kirolarik parte hartu zuten, eta Urola Goiena triatloi taldeko kideek marka eta postu onak lortu zituzten Lekeition ere. Hala ere, Donostiako Atletico taldean dabilen Aritz Egea urretxuarrak lortu zuen goierritarren postu onena: hirugarren, 1:02:03 denborarekin.
Aitor Alberdi laugarren iritsi zen helmugara (1:03:17). Aurreko astean denboraldiko lehenengo txapela jantzi zuen, lehen hiru triatloi probetan denborarik onena edukitzeagatik. Etor Mendia lazkaotarrak (Trigoi) 8. egin zuen (1:04:11) Taldeka laugarren sailkatu zen Urola Goiena mutiletan, eta 6. nesketan. Aintxine Kerejetak debuta egin zuen triatloian (40.).
Esprint distantziako triatloia zen: 750 metro igerian Isuntzako hondartzan, 22 kilometro bizikletan bi aldiz Milioiko gaina igoz, eta 5 kilometro korrika, portutik abiatuta itsasargira igo eta jaitsi.
Nesken taldea seigarren
Nesken arloan 50 emakumek parte hartu zuten. Ainhoa Garcia izan zen Urola Goiena taldetik onena, 19. postuan bukatu zuen. Taldeka seigarren egin zuen neskek.
«Mutilen irteera zoramena izan zen. Irteera lerroan laurehun kirolari zeuden, eta denak batera sartu ziren uretara 750 metro egiteko. Kolpe ugari banatu ziren, baina nahiko zabal atera ziren eta gureek kolpe handirik ez zuten jaso azkenean», diote Urola Goiena taldetik.
Josetxo Mujika Lekeition ere beteranoen II mailan irabazle izan zen. Mutiletan Mikel Elgezabal gernikarrak irabazi zuen (1:00:55), eta nesketan Ainhoa Murua zarauztarrak (1:09:40). Datorren asteburuan Donostiako Nazioarteko 24. Triatloia jokatuko dute.
Argazkia: Aritz Egea artxiboko argazkian.