
Gipuzkoako Foru Aldundiak Zumarraga-Zumaia errepidea (Gi-631) berritzeko asmoa du. Proiektu horri heltzeko herritarren partaidetzarako programa bat martxan jarri du Mondragon Unibertsitateko adituen aholkularitzarekin eta kudeaketarekin. Uztailean zehar erroldetatik ateratako herritar talde bat aukeratu dute, eta dagoeneko herritarrek euren ekarpenak egin ditzakete proiektuaren webgunean edo Urretxuko eta Zumarragako udaletxeetan jarritako postontzietan.
Errepide horretako hamahiru kilometroko tarte batean, Azkoititik Urretxuko hirigunerako sarrerara doan tartearen eraberritzea nola egingo den definitzerakoan Foru Aldundiak herritarrek esateko dutena entzun nahi du eta prozesu hori guztia horretarako jarri du martxan.
Ez da loteslea
«Parte-hartzaileen azken erabakia Aldundiarentzat proposamen edo gomendioa izango da, ez da loteslea izango», dio prentsa oharrak, hala ere. Ez du zertan herritarrek esandakoa bete beharko. Parte hartu bai, baina prozesu horretatik ateratzen dena «gomendioa» besterik ez da izango.
Eraberritze proiektuaren hasierako azterketa egin du Eptisa-Cinsa ingenieritza enpresak. Errepidearen hamahiru kilometro horiek gidarientzako erosoagoak egitea ez da lan erraza. Izan ere, errepideak ondoan du Urola errekaren ibilgua alde batetik, eta mendia bestetik. Enpresak bere txostenean hamahiru kilometroak bost zatitan banatu ditu, eta 27 irtenbide tekniko proposatu ditu.
Hogeita zazpi asmoetatik abiatuta Antzuola, Bergara, Azkoitia, Urretxu eta Zumarragako 50 herritar ausaz hautatu eta irailetik aurrera elkartu egingo dira gaiaren lanketa egiteko. Bien bitartean, irailaren 1a arte, berrikuntza lanen inguruan ekarpenik egin nahi duten norbanakoek, elkarteek edo alderdi politikoek webgunaren bitartez (www.gipuzkoapartehartzen.net/gi-631) edo Urretxuko eta Zumarragako udaletxeetan jarritako postontzien bitartez eman ahal izango dute euren iritzia.
Zenbait baldintza tekniko finkatuak daude. Zabalean 3,50 metroko errepidea egin nahi dute, bazterbideekin eta bi norantzetan tarteka aurreratzeko guneekin.