Azken egunetan bada mugimendua Urretxuko Tourseko San Martin elizaren inguruan. Teilatua zaharkituta zegoela eta, hau eraberritzeko lanak hasi berri dituzte. Aste gutxiren buruan lanak amaituta egotea espero da.
Historia
Tourseko San Martin eliza XIV. mendean eraiki zen. Eta ordutik hona hainbat izan dira eraikinak jasan dituen aldaketak. Bere itxura Zumarragako Antioren antzekoa zen hasiera batean, baina urteetan jasan dituen aldaketen ondorioz, gaur egun oso bestelako itxura du.
Elizak gaur egun duen itxura XVI. mendean hartu zuen. Elizaren lehen birmoldaketa sakona izan zen. Beste lan batzuekin batera, gaur ikusi dezakegun estilo errenazentistako egurrezko ganga egin zuten. Ganga hori Juan de Lizarazu eskultore, arkitekto eta artista urretxuarrak diseinatu zuen. Gipuzkoan ez dago gisa horretako besterik eta benetan ikusgarria da.
Hurrengo mendeetan ere erreforma ugari egin ziren tenpluan. XVIII. mendean dorrea eraiki zen eta 1961ean absidea bota zen, Azkoitirako bidea libre uzteko.
1982an, guztiz eraberritu zen eraikina. Izan ere, parrokiako kideak kezkatuta zeuden eraikina azkar ari zelako hondatzen.
- Bideoan duzue, parrokian egiten ari diren lanen laburpen bat: