Zumarragako eta Urretxuko udalek antolatuta, martxan da dagoeneko Iparragirre Narratiba eta Poesia Saria 2009. Lanak aurkezteko epea irailaren 25an itxiko da, eguerdiko 12:00etan. Lanak, Zumarragako edo Urretxuko kultur etxeetan aurkeztu beharko dira.
Sariketako oinarrietan adierazten denez, hiru modalitatetan banatzen da sariketa: narratiba, poesia eta bertso paperak. Guztietan ere lanak euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu daitezke.Gaia librea da eta parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu.
600 euroko sari bakarra ezarri da aurten modalitate bakoitzeko, euskara eta gaztelania sailetan. Bertso paperen kasuan izango da salbuespena, 16 urtetik beherakoen artean 150 euroko sari bat banatuko baita.