
Beasain-Durango errepide berriaren proiektuaren barruan, urrats garrantzitsua egingo dute aste honetan. Urola errekaren gaineko zubia osatzen bukatuko dutela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldunditik. Gaur hasiko dituzte zubia amaitzeko lanak, egun batzuk beharko dituzte azkeneko habeak jartzen. Zumarraga ekialdetik etorriko den saihesbideak Urretxurekin eta Legazpirekin lotuko du errepidea. Datorren urtean irekiko dute trafikoarentzat.
Azken lau piezak
Lau pieza berri jarriko dituzte gaur hasita. Zubia denera 266 metro luze izango da. Pieza bakoitzak 27 metroko luzera du, eta 48 eta 64 tona bitarteko pisua. Argixaoko tuneletik aterata, Zumarragako ekialdea eta Urretxu eta Legazpi lotuko dituen saihesbideak (Gi-632) 2,1 kilometroko luzera izango du. 50 milioiko aurrekontua du lan horrek, eta Argixaoko tunela, Urola gaineko zubia, Urretxu-Legazpi lotura eta azpiko lau pasabide egingo dituzte.
Urola gaineko zubi-bidea bi taulakoa da. Galtzada bakoitzak bere taula du, eta kaxa metalikoz eta hormigoi armatuko lauzaz osatuta daude. Aldunditik emandako xehetasunen arabera plataformaren zabalera desberdina da galtzada bakoitzean. Beasaingo norantzan aldakorra da, norabide hori hartzeko bide-adarraren azelerazio lerroa taulan bertan bukatzen delako. Bergararako norabidean plataformaren zabalera 11,30 metrokoa da. Zubia osatzeko hurrengo urratsa Argixaoko tuneletik gertuen dagoen eremuan egingo dute, hormigoiko pieza aurrefabrikatuak jarriz taulei dagokien zabalera osoa emateko.
- Ikusi bideoa hemen