
Hiru izango dira guztira gaur hasita abendura bitartean Butak 21ek DVDan eskainiko dituen klasikoak. Guztiek ere badute zerbait komunean, Tennessee Williams idazle estatubatuarraren lanetan oinarritutako filmak izango dira guztiak, baita gaur gauean eskainiko duten hau ere. Williams-ek ‘Desio’izeneko tranbia antzezlanarekin Pulitzer saria irabazi zuen 1948an.
‘Desio’ izeneko tranbia
Elia Kazan zuzendariak 1951n pantaila handirako egin zuen moldaketa da. Marlon Brando gazte batek eta Vivien Leigh aktore ezagunak, zuri-beltzean, bi pertsonaia protagonisten rolak betetzen dituzte. Pasioa eta desioa tarteko garai haietako AEBetan gertatzen ari ziren talka sozialen isla da filma, behera etorritako klase altuaren moduak versus gorantz zihoan langile klasearenak.
Labeaga aretoan eskainiko da emanaldia gaur 21:30ean. Sarrera doakoa izango da.