
Doinua: Arratsaldeon eta muxu bat
Betea uste dugun bizitza,
ene, zeinen den ustela,
egun bat pasa eta segidan
hurrengoa dator bela.
Alde batetik bestera robot
hutsak bagina bezela,
orain haserre, orain irripar,
ta orain malko umela.
Alperrik uste dugu biharra
hobea izango dela,
ez gara ohartzen errutinari
kateaturik gaudela…
Udaberriko giro hezea,
udako zeru urdina,
udazkeneko hego haizea,
neguko izotz gordina.
urtaro bati agur esan ta
beste bat dator, jakina;
ta bitartean, hemen gabiltza,
iritsi nahi ta ezina,
mantendu nahian itxaropenak
uzten digun hari fina,
agian noizbait helduko baita
katebegi ezberdina.
Garesti dago alaitasuna,
ta garesti zoriona,
agian kontu zentzugabeez
hausnarketan naiz egona.
Jarraipena da jaio den bertso-
kateari zor zaiona:
udazkenaren argazkia da
ekarri dudana hona,
ondorengoak, arakatuaz
bere barne-mintz sakona,
konta dezala jausi den hosto
batek esaten diona.
Gorka Azkarate