
Diabetesaren Nazioarteko Eguna hilaren 14an ospatuko den arren, Urgadielek iganderako antolatu ditu Diabetesaren Eguna ospatzeko ekintzak. Pasa den urteetan bezala gluzemia neurketak egingo dituzte nahi duten herritar guztien artean. Neurketa hauek egitearen helburu nagusia, arazoa kalera atera, herritarrak sentsibilizatu eta gaixotasunaren inguruko informazioa hedatzea dira.
Gluzemia neurketak egiteko zazpi mahai jarriko dituzte Urgadieleko kideek Zumarragan eta Urretxun. Zumarragan Iparragirre etorbidean, Izazpi auzoan eta Agiñaga auzoan izango dira. Zumarraga eta Urretxun Kalebarren-Areizaga plazan eta Urretxun Labeaga kaleko punta banatan eta Legazpin parrokiko arkupeetan. Gluzemia neurketa egiteko behatz batean ziztada bat nahikoa da eta emaitza 3 edo 5 segundoren buruan jakiten da. Glukosa maila egokia 70 eta 110 artekoa da. Iaz seiehun neurketa inguru egin zituzten eta aurten kopurua mantendu edo igotzea da helburua.
Hitzaldia
Ekimen gehiago izango da Diabetesaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Mikel Vera eskalatzailearekin ikus-entzunezkoa eta hitzaldia antolatu baitu Urgadielek hilaren 20rako. Elkarteak Zelai Arizti kultur etxean duen bulegoan izango da hitzaldia 19:00etatik aurrera. Vera diabetikoa da eta kirola eta gaixotasuna nola uztartzen dituen azalduko du hitzaldian.
Egilea: Aresti