Houdini handia izan omen zuen tarte osoan gogoan. Hogeigarren mende hasierako ilusionista famatua. Elefanteak desagerraraztea hark bakarrik lortu zuen; halakorik!
Hanketatik zintzilika, buruz behera akuario batean sar zezaten eskatzen zuen, adoretsu. Eta gandorra tente, eztulik egin gabe libratzen zuen desafioa. Alkandora hertsagarriek ere ezin izaten zuten lotu. Bere burua kate-girnaldetatik askatzeko gai zen gizon hura.
Houdini handia, eskuak lotuta zaku barruan. Zakua kutxan eta kutxa ondo lotuta eta giltzapetuta. Bere laguntzailea kutxaren gainera igo da, gortina moduko oihala astindu du, gertatzera doana ezkutatzeko. Gortina erortzen utzi eta… voilà, eskapista handiak ordezkatu du bere laguntzailea. Houdini handia garaipen usainez kutxaren gainean.
Instantean, ireki dira kutxaren giltzarrapo eta sokak eta irten da eskapistaren laguntzailea kutxa barrutik. Bi irribarre handi baizik ez dira txaloen zain.
Houdini handiagatik izan ez balitz… lehenago eman izango omen zuen amore. Hura, edozein herritako presondegian edota polizia eta agintarien aurrean azaldu zalea zen, beti oilar. Kazetariez inguratuta, noski, hordagoa botatzen zuen. Herriko aldizkarian jasotzen zuten eskapista handiaren desafioa, hitz ederrez eta gloriaz. Lantegietako sarreretan, okindegietan, medikuaren kontsultan, elizako arkupeetan… herrian ez zen beste gairik izaten.
Komentatu zuen, jarraitzaileek sentimendu kontrajarriak izaten zituztela. Berari behinik behin hala gertatzen zitzaiola. Alde batetik, ilusionista garaile irten zedin nahi izaten zuen, sokak askatzea, alegia. Bestetik, ordea, gizon haren mugak ikusteko desiratzen egoten zen. Urduri eta harro, haren borreroa bailitzan.
Bart, igogailuaren erpin batean eserita bukatu zuen, kikilduta, burumakur. Antza, desafioa handi geratu zitzaion.
Laguntza eskatzeko botoiari eman aurretik, Houdini bezala, bera ere, bakarrik, itxialditik libratzeko gai bazela erakutsi nahi izan zuen. Adoretsu eta garaile irten, harrapatuta zegoen igogailutik, irribarre batekin eta txalo artean.
Hala ere, denborak, nahiz eta tarte txikia izan, bere eta egoeraren mugez ohartarazi zuen: hirugarren eta laugarren solairuen artean zegoen. Ez gora eta ez behera. Nahiz eta eskailerak igotzeko eta jaisteko izan. Beste aukerarik gabe, azkenean, amore eman zuen. Txirrinak oihartzuna izan zuen eraikin hutsean.
Deiari erantzun zion ahotsaren lasaitasunagatik eta goxotasunagatik izan ez balitz, igogailutik egin ezinda, lehenago irtengo zatekeen bere onetik. Izan ere, berriz isiltasuna berreskuratuta, minutuak ez ziren errazak izan: luzeak eta hutsak. Metro karratu bakarra, sabaia goran, zorua azpian -eta ezereza azpi-azpian-, irekitzen ez zen atea alde batean, eta beste hiruretan ispilua, ispilua eta ispilua. Eta bertan, bera, bera eta bera. Bakardade hirukoiztua. Eta Houdiniren itzala.
Nork, nork eta nork botako zuen faltan, han, igogailuan harrapatuta zegoen bitartean? Galdera horixe pizten zitzaion behin eta berriz. Zer da, bada, ni gabeko egun bat ingurukoen bizitzan? Etxetik irteterakoan, ez zion inork nora zihoan galdetzen; ez eta ea bazkaltzeko bueltatuko zen ere. Are gutxiago afaltzeko. Ez zen inoiz berandu ailegatzen. Inork ez zion nolako aurpegia zekarren adierazten. Ez zeukan inori kontu eman beharrik.
Gora begiratu, sei begi gainean ez ikustearren; txoko erosoa bilatu; pikotxetan jarri eta astiro-astiro igogailuaren erpinean eseri zen. Bertan, bera, bera eta bera. Eta Houdiniren itzala. Baina arrastorik ez.
Eskerrak, instantean, igogailuen enpresako teknikoa, guardia egiten ari zena, azaldu zen. Honek, atea irekitzea lortu bezain pronto, igogailu barruan zenak ikusi zuenean, lepora egin omen zion salto. Euforiak oraindik irauten ziola, jariotasunez, igogailuaren barruan gertatutakoa kontatu zion istorioak entzuteko gogorik ez zuen teknikoari. Bertatik bere kabuz, adoretsu eta garaile irten izan balitz bezala hitz egiten zuen gainera, hitz ederrez eta gloriaz. Houdiniren kazetariek egiten zuten bezala.
Amaia Artolazabal Amilleta