
Santa Lutzi feria ate-joka da. Igandean, abenduaren 13arekin batera iritsiko da Euskal Herriko azoka handienetakoa. Urretxuko eta Zumarragako udalek feriaren egitarauaren berri eman dute. Hurrengo igandeko ferian bostehun bat postu izango direla iragarri dute. Horietatik hirurehun-bat Zumarragako kaleetan jarriko dituzte. Kopuru horri abelburuen salerosketa postuak batu behar zaizkio. Urretxuri dagokionez, berrehun bat postu izango dira guztira plazetan eta kaleetan.
Sariketaren filosofiari eutsiko diote aurten ere, lehiaketak egin ordez sariketak egiten hasi baitziren iaz. Santalutzitako egitarauan aldaketa handirik ez dago oro har, gainontzean. Nabarmentzekoa lehenengo aldiz kontsigna zerbitzua eskainiko dutela. Hau da, jendeak erosketak egin eta poltsak non utzi izan dezan zerbitzu berria jarriko dute. Bi leku izango dira horretarako, Urretxun Gernikako Arbola plazan eta Zumarragan Zelai Arizti kultur etxean. Kontsignaren ordutegia 10:00etatik 16:30era izango da. Zerbitzua doakoa izango da.
Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako beste berritasun bat badago: poniak eta zezentxoak izango dira Zelai Arizti parkean 12:30etik aurrera.
Larunbatetik aurrera
Aurretik ere izango dena den ekitaldietarako tarterik. Aurten ere Arabako Errioxako ardo dastaketa izango da Gernikako Arbola plazan bezperan. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuko du Santa Lutzi bezpera Zumarragako eta Urretxuko kaleetan barrena.
Luzio Gabiriaren omenezko 22. bertso jaialdia ere sartu dute egitarauan, baita txistu kontzertua ere. Biak hilaren 19an izango dira. Argazki rallya ere egingo dute, 27.a izango da jada. Parte hartu nahi duten guztiak Urretxuko kultur etxera joan beharko dira Santa Lutzi egunean bertan 09:00etatik 10:00etara, eta bost euro ordaindu izena emateko.