
Bilalan.net lana bilatzeko Interneteko euskarazko zerbitzua aurkeztu dute Zumarragan. Udaleko Euskara Zerbitzutik eta Udalaren webgunea baliatuz garatuko dute zerbitzua, sarean atari propioa badu ere. Euskalkidetza kooperatibak jarri du martxan egitasmoa eta jadanik Euskal Herri osoko 1.600 curriculum biltzen ditu.
Webgunearen erabiltzaileek automatikoki jasoko dituzte beren posta elektronikoan interesatzen zaizkien eskaintzak. Zumarragako kasuan bertako enpresek ez dute dirurik ordaindu beharko lan eskaintzak argitaratzeko, Udalak emandako diru laguntzarekin finantzatuko baitute hori. Horrekin batera, sareko atarian dauden curriculum guztien informazioa ere eskuratu ahal izango dute enpresek, beste herri batzuetan lau curriculum soilik ikusteko jarria duten mugarik gabe.
Zumarragarren kasuan, webgunean lehentasuna herriko lan eskaintzek edota eskualdekoek izango dute. Krisi garai honetan lan bila ari den herritarrarentzat lan tresna «lagungarria» izango dela nabarmendu du Ikerne Badiolak, Zumarragako Euskara Batzordeburuak. Webguneak bilaketak eskualdeka eta herrika egitea ahalbidetzen du, eta era berean curriculumak zuzenean bidaltzen ditu enpresetara, erabiltzaileari lana erraztuz.