
Gipuzkoako Elizbarrutiko parrokoen %77k Jose Ignazio Munilla Donostiako gotzain berriaren izendapenarekiko bere desadostasuna azaldu dute adierazpen baten bidez. Sinatzaileen artean Zumarragako eta Urretxuko parrokoak ere ageri dira.
Adierazpenean esaten dutenez, «saminez eta kezka handiz» hartu dute Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain izendatzea, eta aukeraketan parte hartu ez izana ere kritikatu dute.
Adierazpena Gipuzkoako 110 erretoreetatik 85ek sinatu dute, eta hamalau artzapezpikuetatik 11k. Jose Ignacio Munilla gotzain izendatzearekin ez daudela ados esan dute idatzian, «gotzain berria izendatzerakoan izan den azpi-asmoa eta erabili den prozedura dela-eta».
Gipuzkoan, apaizen gehiengoa
«Gipuzkoar apaizen gehiengo zabal batek idatzi bat sinatu du Munillaren izendapenarekin desadostasuna eta gaitzespena adieraziz», esan dute idatzian.
«Deitoratu egiten dugu hain garrantzitsua den arazoa aurrera eramateko gure Elizbarrutiaren eta beraren erakunde pastoralen sentimena aintzakotzat hartu ez izana eta errespetatu ez izana», esan dute adierazpenean. Gainera esan dutenez, Munillaren ibilbidea Gipuzkoako Elizbarrutiko lan ildoetatik «urrun» dago eta «ez zuen halakoekin bat egiten».
Orain artekoarekin bat
Idatzia sinatu dutenek diotenez, «bat egiten dute» orainarte Gipuzkoako Elizbarrutian egituratu diren pastoral ildoekin eta eliz estiloarekin.Horregatik uste dute, Donostiako gotzaina izateko ez dela pertsona egokia. Orain arte landutako ildo beretik jarraituko dutela ere esan du idatzia sinatu duen Gipuzkoako apaizen gehiengoak: «Elizarekiko maitasunak eta gure herria zerbitzatu nahiak eraginik, behin eta berriz diogu, gure kristau-elkarteen aurrean, urte hauetan egin ditugun hautapen pastoralei eutsi nahi diegula, eta horien arabera jarraitu lanean».