
Igandean egin zituzten aurtengo Eire-Bankoa xake txapelketaren aurkezpena eta zozketa. Hamaikagarren urtea da tradizio bihurtu den txapelketa antolatzen dutena, eta berrikuntza ugari izango ditu.
40 lagunek eman dute lehiarako izena, horietatik hiru lehendabiziko aldiz ariko direnak. Zortzi taldetan jokatuko dute hasierako ligaxka eta talde bakoitzeko bi pertsona igaroko dira kanporaketetara. Berrikuntza moduan, partiden puntuaketa sistema aldatu egingo dute. Irabazitako partida bakoitzeko hiru puntu jasoko dituzte biren beharrean, eta berdinketarekin bukatzen dutenek, aldiz, bakarra.
Sariak ere badira txapelketan. Lehen lau sailkatuek garaikurrak izango dituzte, eta lehen hirurek baita diru sariak ere; 200, 60 eta 30 eurokoak, hurrenez hurren. Herriko bi jokalari onenek ere sariak izango dituzte.
Bestelako ekimenak
Xake partidez gain zinema emanaldia eta hitzaldia ere egingo dituzte, biak xakearekin lotuta. Filma Butak 21 zine-klubarekin emango dute otsailean; xakea ardatz hartuta gerra hotzaz aritzen den filma proiektatuko dute.
Hitzaldia ere otsailean da. Euskal Xake Federakuntzaren webgunearen arduradun Jose Manuel Sierra ariko da solasean, xakeak Alzheimerra duten pertsonentzako dituen onurez hizketan.