
Goierri Garaia Atletismo Taldeak antolatuta, Goierriko Krosa egin zen hamahirugarren urtez Argixaon pasa den igandean. Korrikalari gehienak eskualdekoak baziren ere jatorriz, izan ziren kanpoko klubetatik etorritakoak ere. Elgoibarko Mintxeta, Uliako Gimnastica, Oñatiko Aloña Mendi, Beasain eta Ordiziako Txindoki edota Tolosako taldeen parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek.
Sailkapenak
Marka onak egin zituzten oro har, eskualdeko korrikalariek. Alebinen mailan berrogeita hamar korrikalarik hartu zuten parte eta bigarren sailkatu zen Urko Peñagarikano gaztea. Benjaminen mailan, mutilen kategoria izan zen jendetsuena, hirurogei parte hartzaile baino gehiagorekin. Martin Sagastibeltza izan zen garailea, Gaizka Peñagarikanok eta Asier Uretak jarraituta. Nesken kategorian hogei korrikalaritik gora izan ziren. Horien artean Nagore Goikoetxea, Uxue Untxila eta Eider Carrion izan ziren onenak.
Omenaldiak
Goierri Garaia Atletismo Taldeak, denboraldi berriko taldea aurkezteko ere baliatu zuen igandeko ekitaldia. Horretaz gainera pasa den denboraldian egin zuten lana aitortzeko zenbait korrikalari ere omendu zituzten. Edurne Matias eta Jon Apaolaza nabarmendu zituzten kadete eta jubenilen kategorietan. Asier Cuevas, Iker Maiora, Ramon Otegi eta Ibon Espartza, Espainiako maratoian irabazle suertatu zen taldeko kideak ere omendu zituzten. Eta aipamena egin zioten baita, Lorea Gardokiri ere.
Argazkia: Diario Vasco