
Urteurren borobila beteko du aurten Urretxuko Txistulari Taldeak. Berrogeita hamar urte beteko dira irailaren 12an, txistulariak lehenengoz kalejiran irten zenetik. Hori horrela, urteurrena ospatzeko hainbat ekintza egingo dituzte, martxoan hasi eta urtea amaitu bitartean.
EHko txistularien batzarra
Martxoaren 13an, Euskal Herriko txistulariek urtero egiten duten batzarra Urretxun egingo da urteurrenaren harira. Bezperan, martxoaren 12an Donostiako Txistulariek kontzertua eskainiko dute Labeaga aretoan. 13an, goizeko 9:30ean hasiko dute eguna txistulariek kalejira batekin. 10:30ean meza izango da eta 11:30ean udaletxean harrera egingo zaie batzarrean parte hartuko zaien txistulariei. 12:00etan hasiko da batzarra eta ondoren, pilotalekuan bazkaria izango da parte hartzaile guztientzat.
Bestalde, Ramon Esnaola musikari eta konposatzaile urretxuarraren lanak CD batean bildu nahi ditu Urretxuko Txistulari Taldeak. Hilabete hauetan zehar egingo dituzte grabaketa lanak eta asmoa, San Joanen bueltan diskoaren aurkezpena egitea da.
Irailean ospakizun nagusienak
Irailaren 12an izango da 50. urteurreneko data eta hori dela eta, irailean izango dira ekintza nagusienak. Irailaren 12an txistulariek euren jaia egingo dute, meza, kalejira eta bazkaria izango dute.
Irailaren 6rtik 12ra berriz, prestatzen dabiltzan liburu eta DVD baten aurkezpenak, erakusketa, hitzaldiak eta kontzerturen bate edo beste antolatuko dituzte.
Irailaren 19an, Euskal Jai egunean ere hartuko dute parte. Deialdi berezia egin nahi izan diete antolatzaileek taldean aritu diren txistulariei. Euskal Jai egunean, urte guzti hauetan taldean aritu diren txistulariak bildu nahi dituzte. 236 izan dira guztira eta horietatik gehientsuenak bildu eta Euskal Jaietako desfilean parte hartzea da asmoa.
Urte honetako ospakizunekin amaitzeko abenduan urteroko kontzertua ere eskainiko dute aurten.