Guztira 11 lagun elkartu dira batzar honetan. 2009ko jardunaren eta sarrera-gastuen azalpena eta 2010eko egitasmoa eta aurrekontuaren azalpena eman ondoren gai hauek aztertu dira:
Hedabideen egoera eta etorkizuneko bideak
Hedabideen inguruan bide berri bat hartzeko beharra ikusten da, hauen bideragarritasuna bermauko duen bidea. Zaila ikusten da udalekin dugun hitzarmen ekonomikoa oraingo zenbakitan mantentzea, aurtengoa sinatzea ere dezente kostatu da. Bestalde jasotzen ditugun diru-laguntzen irizpideak aldatzen ari dira, eskualdeko proiektuei lehentasuna emango zaie.
Ezin dugu egoera honetan aldizkariaren eta web orriaren jarraipena ziurtatu.Bestalde, Hitza eta Berriak etorkizunaren inguruan hausnarketa egiten ari dira eta hainbat aldaketa egin nahi dituzte; guri ere proposamen bat egingo digute. Dirudienez HITZA astelehenetik ostiralera atera nahi dute eta egun horietan orrialde kopurua gehitu, zortzitik hamasei orrialdera pasa nahi dute, zortzi orrialde Gipuzkoako berrien inguruan eta beste zortzi orrialde eskualdeko berriekin. Asteburutan geldituko den hutsunea herri aldizkariekin (Otamotz, Goierritarra) bete nahi dute, proposamen honekin biak astekari izatera pasako lirateke.
Goierriko HITZAk apirilerako zehaztu nahi du planteamentua eta aurreko guztia kontuan hartuta eta Otamotz aldizkariaren inguruan irakurleen azterketen emaitzak ikusita erabaki bat hartu beharko dugu.
Zintzo-Mintzoren gogoeta prozesua
20 urte igaro dira Zintzo-Mintzo elkartearen lehen batzarra egin zenetik. Urte hauetan proiektu dezente eraman dira aurrera baina taldean lanean jarraitzen dugunok urte asko daramagu honetan eta ez dago erreleborik.Hau horrela, gogoeta-prozesu bat egitea proposatu da aholkularitza talde baten laguntzarekin.
Orain arte egindakoa aztertzea, etorkizuneko helburuak zeintzu izango diren adostea, zuzendaritza eta antolaketa berri bat martxan jartzea eta elkartea biziberritzea lirateke helburu nagusiak.Bost orduko bi saio izango lirateke, maiatzako bi larunbatetan.
Talde-dinamika hauetan parte hartzeko 25-30 lagun inguruko taldea osatzea izango litzateke egokiena.Proposamen hau aurrera eramatea erabaki da eta lantaldea osatzeko saikaera egin beharko dugu