
Beloki mendi magaleko ibilbide paisajistikoaren bigarren fasea bi edo hiru hilabetean amaituta egongo dela aurreratu du Zumarragako Udalak. Lanen bigarren fasea herenegungo osoko bilkuran esleitu zuten. Hamar enpresa aurkeztu dira lehiaketara eta preziorik onena eskaintzen zuena aukeratu ez den arren lanak egiteko lau zumarragar kontratatzeko konpromisoa hartu duen enpresa izan da hautatua. 240.000 bat euroko aurrekontua dute.
Belokira doan zepa-bidea konpontzeari ekin zion Udalak, bertan ibilbide paisajistikoa egiteko. Menditik jaisten diren urak jasotzeko ubidea egin dute bidearen ertzean, eta zepa-bidearen zorua lisatu duen material bereziarekin estali dute. Uraren hodiak ere konpondu dituzte.
Bankuak jarriko dituzte bidean eta Belokirako bidegurutzeko iturria bere horretan mantenduko da. Iturriaren inguruan, hala ere, mahai batzuk jarriko dituzte, atseden lekua sortuz.