
Udalak indarkeriagatik hildako lau zumarragarri omenaldia egin zien ostiralean. Alde batetik ETAk Zumarragan 2000. urtean hildako Manuel Indiano (PPko zinegotzia) eta Jose Mari Perez 1979an hildako Espainiako Poliziako agentea omendu zituzten. Bestetik, "ekintza terroristetan" zendutako Zumarragako semeak gogoratuko zituzten: Iñaki Mendiluze 1995ean Itsasondon hildako ertzaina eta Isidro Etxaniz, Ataun eta Lazkao artean jarritako barrikada bategatik istripua izanda hil zen zumarragarra.
Omenaldia berandu datorrela aitortu zuen Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Era berean barkamena eskatu zuen ostiraleko agerraldian. Senitartekoei, une latzetan beharrezko elkartasuna ez adieraztegatik, eta orokorrean, egoera hartan eman beharreko erantzuna ematen ez jakiteagatik.
Gonbidatu ugari
Biktimen senitartekoak izan ziren ostiralean gonbidatuen artean. Baita Zumarragako Udaleko ordezkariak, eta Euskal Herri mailako politikariak ere. Bertan izan ziren Rodolfo Ares, Barne-sailburua, Mikel Cabieces, Estatuko ordezkaria, Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Rafaela Romero, Batzar Orokorretako presidentea eta Maixabel Lasa, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria.
Ekitaldian izan ziren baita Zumarragako Udalean alkate izan diren guztiak ere. Bertan ziren, Jose Luis Ruiz, Juan Mari Garitano, Joxe Julian Irizar eta Aitor Gabilondo. Antton Arbulu ez zen ekitaldian izan, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, gonbidatuta zegoen arren.
- Ikusi ekitaldiko bideoa jarraian: