
Asteburuan kirol eta kultura ekitaldi ugari ospatuko dituzte Urretxun. Hiruko saskibaloi txapelketa, gizon proba, kirol jardunaldi integratzailea edota Dantzari Txiki eguna izango dira horietako jarduera batzuk.
Hiruko edo 3×3 saskibaloi txapelketa gaur hasiko da. Goierri Kirol Elkarteak antolatu du, eta aurten GBC Gipuzkoa Basket Clubaren laguntza izango dute. Inoiz baino talde gehiagok eman du izena txapelketan aritzeko, 64 taldek guztira. Hazkunde hori gazteenen mailetan sumatu da gehien, 9 eta 12 urte bitartekoen artean.
Goierri elkartekoen esanetan, «urte osoan zehar kiroldegian egon ostean, egun honetan saskibaloia kalera» ateratzea da helburua. Goierriren saskibaloi taldeetan hasteko gonbita ere bada, «kirola ezagutarazi eta jendeari gogoa pizteko». Saskibaloia sustatzeko ekimena izan arren, Urretxuko taldeak une gozoak bizi ditu, gaur egun 16 talde eta 200 jokalari baititu. Datorren urterako kopurua handitzeko asmoa dute gainera.
Euria eginda ere Gernikako Arbola plazan jarriko dituzte txapelketarako jokalekuak. Berrikuntza modura, aurten GBC taldeak puzgarriak ere jarriko ditu bi egunetan. Gaur arratsaldean eta bihar goizean gazteenen mailetako partidak jokatuko dituzte, eta bihar arratsaldean zaharragoei dagozkienak.
Jardunaldi integratzailea
Kirol Jardunaldi Integratzailea ere bihar egingo da. Ederrena pilotalekuan izango da hori, 11:00etan hasi eta 14:00ak arte. Ginkana kirol jokoak eta tailerrak izango dira aukeran. Slalomean, saskibaloian, dardo jaurtiketan, arrantzan, futbol punterian, hankapalu itsuetan, igel-tokan, hand-bike-an edota boccian aritzeko aukera izango dute herritarrek. Tailerretan, berriz, txapak eta imanak eta kirol egokituari buruzko marrazki eta lanak egiteko aukera emango dute. Kirol egokituaren berri gizarteratzea da helburuetako bat.
Jokoak edonorentzat irekiak izango dira, eta parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei ireki diete. Urretxuko eta Zumarragako ikastetxeetako ikasleek kartel lehiaketara aurkeztutako lanak ere erakusgai jarriko dituzte.
Gizon probako lehen sariketa
Bihar arratsaldean gizon proba lehiaketa ere egingo dute Urretxun. Herriko probalari taldeak eta Herri Kiroletako Elkarteak antolatu dute Urretxuko I. Sariketa. Zortzina tiralarik osatutako Urretxuko, Legazpiko eta Zumarragako taldeak ariko dira lehian. 1.000 kiloko harriarekin 20 minutuan egin beharko dute lan.
Beste probetan ez bezala, Urretxukoan harria kate-zulotik soillik lotuko dute egiturara, aurrealdetik altxatzea ekiditeko. Harria osorik lurrari itsatsita joatea ahalbidetuko du horrek. Sistema Usurbilen edota Aian erabiltzen duten bera da. Gizon probako taldea duten herriekin Gipuzkoako txapelketa moduko bat egitea aurreikusten ari dira, eta aldaketa hori sistemak bateratzera begira ere egingo dituzte. Aldaketak izan edo ez, markak antzekoak izango direla iragarri dute. Proba 19:00etan hasiko da Barrenkalen.
Dantzari Txiki eguna
Azkenik, etzi, igandea, Dantzari Txiki eguna ospatuko da, Lurra dantza taldeak antolatuta. Beasaingo, Altsasuko, Errenteriako, Getariako, Legazpiko, Lesakako eta Urretxu eta Zumarragako dantza taldeek hartuko dute parte. 12:00etan elkartuko dira dantzariak Pagoeta plazan eta 13:30a bitarte saioak eskainiko dituzte Urretxuko kalean, Gernikako Arbola plazaraino iritsi aurretik. Jaialdiak arratsaldean jarraituko du plaza berean ospatuko duten emanaldiarekin (eguraldi txarrarekin Ederrena pilotalekuan).