
Esklerosi anizkoitza gaitza dutenekiko laguntasunez eta gaitz horri aurre egiteko ahalegina biltze aldera, Busti zaitez ekimena ospatuko dute asteburuan Urretxun eta Zumarragan. Esklerosi Anitzaren Eugenia Epalza Fundazioak eta Urretxuko Aterpe jubilatuen elkarteak antolatu dute; 13. urtea du herritarren artean gaixotasuna ezagutarazteko kanpainak.
Sentsibilizazioa lantzeaz gain, gaixoentzako laguntza ere eskatuko dute gaur Areizaga-Kalebarren plazan eta bihar Urretxuko Pagoeta udal igerilekuan jarriko dituzten informazio mahaietan.
Igandean, Gipuzkoa osoko igerilekuetan eta hondartzetan ekitaldiak eta jolasak egingo dituzte, tartean Urretxukoan. Parte hartu nahi dutenek metro batzuk igeri egingo dute, sinbolikoki, eta egunaren amaieran herri guztietan parte hartu duten pertsonek eginiko metroak batuko dituzte. Bi egunetan 11:00etatik 14:00etara da.
Gaixotasun neurologikoa da esklerosi anizkoitza, oraindik sendabiderik ez duena. Gipuzkoan hilero kasu bat diagnostikatzen dute. Adituek ezin izan dute gaixotasun horren jatorria zein den zehaztu oraindik orain.