
Wornich Fikere eritrearrak irabazi zuen herenegun Zumarragako Hiria VII. Herri Krosa, 21:46 minuturekin denbora-marka onduz. Kaflay Tadele etiopiarra bigarren (21:51) eta Hassan Oubeki marokoar juniorra hirugarren (21:53) igo ziren podiumera Fikererekin. Emakumeetan Marta Tigabea etiopiarrak irabazi zuen, 24:47rekin, bigarren Samida Abriche marokoarra (26:00) eta hirugarren Rosi Talavera hendaiarra (26:59).
Krosak partaidetza iazkoa baino apalagoa izan badu ere (helduetan 140 korrikalari, haurretan 128), kirol kalitatea igo du, nazioartean lehiatzen diren afrikar ugarik parte hartu baitzuten. Herritarre artean Tasio Gomez eta Marisol Ramos nabarmendu ziren.
Erritmo bizia izan zen (7,2 km) hasieratik. Hamabi lagunek hartu zuen burua, Gomez (6.) eta Sergio Garcia oñatiarra (5.) ez ezik atzerritarrak gainontzekoak.
Beteranoetan Gomezek eta Talaverak, juniorretan Oubekik, infantiletan Unai Sanzek, alebinetan Urko Peñagarikanok eta Ane Camposek, benjaminetan Jokin Salegik eta Maialen Sudupek, eta benjamin txikietan Xabi Isasak eta Ane Sudupek lortu zituzten aurreneko postuak.