Larunbat honetan, irailak 11, Urretxuko eta Zumarragako Duatloi Herrikoia jokatuko da. Bigarren urtea izango da izaera herrikoia emango diotena, eta aurten ere parte-hartzaileek 17 kilometro egin beharko dituzte; 12,5 bizikletaren gainean eta gainontzekoak korrika.
Lasterketa Areizaga-Kalebarren enparantzatik abiatuko da 17:00etan. Lehenik eta behin 3 kilometro korrika egin beharko dituzte, kilometro eta erdiko zirkuituari bi bira emanez. Lan hori amaitutakoan, Gernikako Arbola plazan bizikleta hartu eta Legazpiraino joango dira, Motxorroko bidegurutzeraino. Azkenik, korrika hirugarren bira bat eman beharko diote 1,5 kilometroko zirkuituari, hasitako leku berean amaitzeko.
Euskadiko Triatloi Federazioak antolatu du lasterketa, baina hainbat herritarren laguntza izaten ari da zeregin horretan, Asier Auzmendirena tartean. Lasterketa federatutako korrikalarientzat eta federatu gabekoentzat izango da. Segurtasuna bermatzearren, federatu gabekoei egun bateko fitxa egiten diete, lasterketan segurua izan dezaten.
Izena eman nahi duenak Euskadiko Triatloi Federazioaren webgunean du aukera irailaren 10era arte. Federatutakoek 10 euro ordaindu beharko dute, eta federatu gabekoek 15 euro. 120 pertsonak eman ahalko dute izena gehienez. Informazio gehiago lortzeko telefono bat ere jarri dute eskura: 665 73 48 47 (Asier).