
Azken hogeita bost urteetan bezala, iraileko bigarren igandearekin batera Belokiko Gurutzearen Jaia ospatuko dute zumarragarrek. Meza, hamaiketakoa eta erromeria antolatu dituzte aurten ere Belokiko Lagunen elkarteko kideek. Aste guztia daramate prestaketa lanetan eta dagoeneko dena lotuta dute, azken uneko kontuak salbu.
Goizeko hamaiketan emango zaio hasiera festari. Zaldua anaiak eta herriko beste zenbait trikitilari gaztek erromeria egingo dute. 11:30ean meza izango da, aurten Zumarragan hil diren guztien alde. Hau amaituta, erromeriak jarraituko du eta hamaiketakoa egiteko aukera izango da. Belokiko Lagunen elkarteko kideek esan dutenez, 34 kilo txorizo, 120 ogi, 80 patata tortilla, 100 bat ardo botila eta 60 litro ur eramango dituzte bertaratzen direnen artean banatzeko.
Gurutzea 1926koa
Belokiko Gurutzearen jaia zumarragarren artean oso errotuta dagoen ospakizuna da. Belokiko Lagunen Elkarteak antolatuta, igaro dira dagoeneko hogeita bost urte baino gehiago lehendabiziko aldiz egin zenetik. Jaia iraileko bigarren igandearekin egiten da orduz geroztik.
Gurutzea bera ordea, lehenagokoa da. Egun dagoena 1926ko maiatzaren 2an inauguratu zen. Idigorasen tailerreko 750 kilo burdin erabili ziren horretarako eta garaiko 1500 pezeta ordaindu ziren. Anjel Kruz Jaka zenaren datuei kasu eginez dena den, ba omen zen beste gurutze bat aipatutakoaren aurretik, tximista batek erdibitu eta desagerrarazi zuena.
Bere festarako, Belokiko Gurutzea zaharberritu du Udalak. Azkeneko berrikuntzak 2001ean egin zitzaizkion, 75. urteurrenaren harira.