Aritz Lasa pilotari urretxuarra ez dabil zorteko aurten Eskuz Binakako Txapelketan. Pasa den larunbatean, Pascualekin batera jokatu zuen partidan, 22 eta 9 galdu zuen Olaizola II.aren eta Beroizen aurka, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Aritz Lasak Zubieta du bikotekide txapelketan; hau eskuko minez dabil ordea, eta larunbateko partida Pascualekin jokatzea egokitu zitzaion. Oraingo honetan ere, bikoteak ez zuen zortea lagun izan. Jokoa 14 eta 9 zegoenean, Pascualek partida bertan behera utzi behar izan zuen gerrialdeko mina zuela eta. Ostiral honetan Urretxuko Ederrenan jokatuko du Lasak Zubietarekin, Xalaren eta Laskurainen aurka, 22:00etatik aurrera. Sarrerak eskuragarri daude 661259009 telefonoan.
Albisu Bartzelonan
Jon Ander Albisu ataundarra ere buru-belarri dabil Eskuz Binakako Txapelketan. Orain artean partida gehienak irabazi ditu eta txapelketa ona egiten ari da ataundarra. Asteburu honetan, larunbatean, Bartzelonan jokatuko du Berasaluze VIII.arekin batera. Olaizola II.a eta Beroiz izango dituzte aurkari. Partida telebistaz ikusteko aukera izango da 17:15etik aurrera.
