Euskal Autonomia Erkidegoko 100.000 langilek gaur lanuzteak egiteko deialdia zuten. LAB, ELA eta STEE-EILAS sindikatuek egin dute deia, eta eguerdi partean manifestazioak egin dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Mobilizazio honekin, sindikatuek Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 11n onartu zuen dekretuaren aurka protestatu dute. Dekretuak, sektore publikoko langileei eragiten dieten murrizketa neurriak jasotzen ditu. Neurri horiekin, jaurlaritzak 95 milioi euro aurreztu nahi ditu.
Neurri horien artean, hautazko jubilazio kasuetako hobariak kendu egin dituzte, behin-behinerako, behintzat. Baita errelebokako kontratuenak ere. Ohiko gaixotasunengatiko soldata laguntzak ere jaitsi egingo dituzte, lehen hiru egunetan kopurua %100etik %50era murriztuz.
Urretxun eta Zumarragan ere sumatu da lanuzteen eragina. Guraso askok, esaterako, goiz partean jaso behar izan dituzte haurrak eskoletatik. Zumarragan eta Urretxun. Bi herrietan egin dituzte lanuzteak udaletxeetan. Bestalde, sindikatuetako kideek ere mobilizazioa "arrakastatsua" izan dela esan dute eta deialdiak Goierrin jarraipen "zabala" izan duela ere gaineratu dute. Zumarragako ospitalean ere zerbitzu minimoetan egon dira lanuzteak iraun duen bitartean.
