Ostiralean egin zen 2011ko Iparragirre Sarien banaketa ekitaldia. Urretxuko udaletxean burutu zen, eta bertan izan zen, besteak beste, Felix Maraña, sariketaren koordinatzailea, epaimahaikideek lagunduta. Aurtengo sariketara aurkeztu diren lanen maila azpimarratu zuen batez ere epaimahaiak. Hiru mailatan bereizita banatu ziren sariak: bertsopaperak, narratiba eta poesia. Azken bietan euskarazko eta gaztelaniazko lanak saritu ziren.
Bertsopaperen atalean hamahiru lan aurkeztu dira guztira. Mikel Iturriotz urretxuarrarentzat izan da lehendabiziko saria, 150 eurokoa, 16 urtetik beherakoen atalean. 16 urtetik gorakoen mailan Iñigo Legorbururentzat (Errenteria) eta Aitor Albisturrentzat (Errenteria) izan da lehendabiziko saria ex aequo. 300 euro jaso ditu bakoitzak. Sail honetan Maialen Akizu eta Jexuxmari Alberdi urretxuarrek ere aipamen berezia jaso zuten, lehenak aipamenari uko egin bazion ere.
Narratiba lanen sailean, 12 lan aurkeztu dira euskaraz eta 149 gaztelaniaz. Karmele Mitxelena (Oiartzun) euskarazkoan eta Miguel Angel Gonzalez (Madril) gaztelaniazkoan izan dira irabazleak. Biek 600na euro jaso dituzte. Amaitzeko, poesia lanen atalean, 59 lan aurkeztu dira guztira, sei euskaraz eta 53 gaztelaniaz. Euskarazko poesia onena Aitor Albisturrena (Errenteria) izan da. Gaztelaniazkoa berriz, Elena Romanena (Toledo). Hauek ere 600na euroko saria jaso zuten aurkeztutako lanei esker.
