Antioko interpretazio zentroaren museoak hiru atal izango ditu. Kronologikoki antolatutako sailak izango dira, eta, azkenean, garaikidetasuna irudikatuko dute. Gune honetarako zumarragarrei eskaera egin die Udalak. Argazkiak eskatu dituzte, lehenbailehen digitalizatu eta jabeei bueltatuko dizkiete.
Ana Galdosek sei eremuetan banatu ditu jasoko dituzten argazkien gaiak:
- Garraioak eta komunikazioak
- Kultur eta musika elkarteak
- Hirigunea eta paisaiak
- Herri kirolak
- Ofizioak
- Jaiak
Argazkiak Zelai Arizti kultur etxean jasoko dituzte. Fitxa bat bete beharko dute zumarragarrek, eta argazkiak "epe laburrean" itzultzeko konpromisoa hartu du Mikel Serrano alkateak. Kultur etxeko webgunean ere zintzilikatu daitezke argazkiak. Ana Galdosek bertakoen "begiradak" jaso nahi dituztela adierazi du.
Museoaren atalak ondokoak izango dira: Erdi Aroa (egurra, basoa eta errekaren inguruan), XVI. mendetik XIX. mendera (hirigunearen sorrera) eta garaikidetasuna (trenbidearen iritsiera eta industrializazioa).