Martxoan Bertsoa zikloaren aurtengo edizioko asteburu beteena izan da. Urretxuko eta Zumarragako taldekako txapelketako azkeneko bi kanporaketak jokatu dira, ostiralean Foxen eta larunbatean Motzen. Behin kanporaketak amaituta, erabaki da zein hiru taldek kantatuko duten datorren ostiralean, 23:00etatik aurrera, Gaztelekuko final handian: Gabiri2, Be(k)tore Okocha eta Lasatarrak.
Sailkatutako taldeetako bertsolariak:
- Gabiri2: Gorka Maiz, Endika Igartzabal eta Mikel Asurabarrena.
- Be(k)tore Okocha: Amaia eta Mikel Iturriotz eta Beñat Torres.
- Lasatarrak: Antton eta Uxue Fernandez eta Ander Gabirondo.
Datorren ostiralean, finalaren ondoren, Martxoan Bertsoa txapelketako edizio guztietan kantatu duten 9 bertsolariei omenaldi berezia egingo diete. Bestalde, Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolaren webgunean historiako agurrik onena bozkatzeko aukera dago: zubertsotan.net.
Atzo, Urretxuko Labeaga aretoan ‘Ezetz lortu’ trebezia lehiaketako kanporaketa saioa izan zen. Aurreikuspen baikorrenak hautsiz, bertso eskolak egindako deialdiak Zumarraga-Urretxuko ikastetxeetako zazpi eta bederatzi urte arteko 216 gaztetxo bildu zituen, hirunako taldeetan banaturik. 72 talde, beraz. Saio luzea izan zen, baina umoretsua. Behin talde guztiak lehiatu ostean, 17 talde igaro ziren apirilaren 1ean jokatuko den finalera.
Datorren ostiralean, gazteenen ekintzekin jarraituz, bertsopaper lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da Zelai Arizti aretoan, arratsaldeko 3etatik aurrera. 300 lanetik gora aurkeztu dira maila ezberdinetan eta lanen kalitatea oso altua izan da.