Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxaren antolatzaileek, martxaren 15 urteetan, ez dute gogoratzen horrelako zailtasunak izan dituen ibilaldirik. Atzokoan, lehenengo mendizalea atera eta azkena helmugaratu zen arte, euriak ez zuen etenik eman. Bidean bildutako lokatzak are gehiago zaildu zuen ibilbidea. Hala eta guztiz ere, Urretxuko eta Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazako helmugan, 633 mendizalek aurkeztu zuten busti-busti egindako txartela.
Aurreko ostiralean, Beitia mendi martxa egiteko 800 lagun inguruk izena emana zuten Internet bidez, eta egunean bertan 150 bat mendizalek izena eman zuten. Parte hartu zuten gehienak goierritarrak izan ziren, Bizkaitik eta Arabatik etorritako mendizaleak ere batu ziren, eta Nafarroatik, Madriletik eta Zaragozatik iritsitako mendizalerik ere egon zen. Antolatzaileek emandako datuen arabera, kanpotik etorritako 11 lagunek larunbateko gaua Lizeoko gimnasioan igaro zuten.
Helmuga lehenengo jo zuen mendizaleak 4 orduan bete zuen ibilbidea. «Martxa hau lehiakorra ez dela behin eta berriz gogoratzen badugu ere, horrelako parte-hartzaileak sendo daudela aitortu behar da», adierazi dute antolatzaileek. Ibilbidea 10 orduan egin zuenik egon zen, baina gehienek 7 eta 9 ordu artean osatu zuten.
Helmugan, aurreneko aldiz, mendizaleei pintxo beroak banatu zizkieten. 120 lagun inguru aritu dira asteburuan antolaketa lanetan; ibilbidea markatu, irteeran txartelak banatu eta helmugan jaso, pintxoak prestatu eta banatu, eta abar luze bat. Antolatzaileek emandako informazioaren arabera, goizean goiz 15 kilo hirugihar lapurtu zituzten Areizaga-Kalebarren plazan jarritako karpetan. «Fede onez, une labur batez kanpoan utzitako hirugihar kaxa lapurtu zuten».
Lapurretaz gain, irteeran mendizale batzuk aurreratu egin ziren, eta ezarritako irteera ordua baino lehen atera ziren. «Antolakuntza lanetan ari direnek ez dute horrelakorik merezi, eta arauak betetzen dituzten mendizaleekiko ere, ez da bidezkoa», esan dute. Datozenetan kontuan izango dutela, eta beharbada «neurriak hartuko» dituztela iragarri dute.
Ikusi jarraian Gotzon Aranburuk eginiko bideoa:
