Urretxuko eta Zumarragako euskarazko irakurle taldeko kideek ikasturteko azkeneko bilera egingo dute etzi. Eguraldi ona egiten badu, Urretxuko Santa Barbaran elkartuko dira 19:00etan. Bestela, ordu berean, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egingo dute bilera.
Gorka Azkaratek gidatutako taldeko kideek Joxean Agirre idazle azpeitiarraren Zwei Frauen eleberria irakurri dute. Literaturgintzarekiko eta emakumeen unibertsoarekiko pasioek bat egiten dute Agirreren nobelan. Maitasunaren harira, munduaren zentzua maitearen besoetan galdurik aurkitzea, idazketa seduzitzeko erabiltzea, abandonatua izan denaren patua eta aldi berean bi maitale dituenaren on-gaitzak dira, besteak beste, eleberrian harilkatzen diren gaietako batzuk.
