Beasain Bergara lotuko dituen errepidea osatzeko urrats bat gehiago eman da gaur goizean. Zumarraga-Urretxu/Legazpi zatia inauguratuta gelditu da, 12:00etan egin den ekitaldian. Martin Garitano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Larraitz Ugarte, Bide Azpiegituretako diputatuak hartu dute hitza ekitaldi ofizialean. Bidegiko arduradunek eta Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko alderdi ezberdinetako ordezkariak ere gerturatu dira Argixaoko tunelenean egin den agerraldira. Bertan ziren baita, Mikel Serrano, Oihane Zabaleta eta Kepa Urtzelai alkateak ere.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidegik elkarlanean burutu dituzte zati honi dagozkion obrak. Guztira 57,7 milioi euroko kostua izan dute errepide zati honetako lanek. 2,1 kilometroko luzera du gaur goizean inauguratu den zatiak. Urola zubibidea eta Argixaoko tunela hartzen ditu bere baotan. Zubiak 266 metro luzera eta 15 metroko altuera du, eta tunela 910 metro luze da. Tunel hau Europako Batasunak ezarritako segurtasun araudia jarraituz egin da, eta azken teknologia aplikatu da bertan: argiterian, suteen aurkako sisteman, aireztapenean edo zaintza eta kontrol instalazioetan, besteak beste.
Apustu garrantzitsua
Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, goizeko ekitaldian duenez Beasain-Bergara ardatza egitea “oso garrantzitsua” da Gipuzkoarentzat. Goierri, Deba Garaia eta Deba Barrena lotzeaz gainera, “Gipuzkoa beste lurraldeetara gerturatzen” duelako. Azpiegitura honek, “310.000 pertsonari zuzenean” eragingo diela azpimarratu du. Krisi garaiari erreferentzia eginez, “ondo pentsatutako azpiegiturak” egiteko garaia dela azpimarratu du. Lanak “oso garestiak” izan badira ere “Euskal Herriaren bizkarrezurra osatzeko” ezinbestekoa dela gaineratu du.
Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak, bere aldetik, lanak egiterako orduan aldundiak jarraitu dituen irizpideak zeintzuk izan diren azaldu du: ahalik eta kostu anbiental eta ekonomiko txikiena lortzea eta langileen lan hitzarmenak betetzea, hain zuzen. Horrekin batera, Gipuzkoan “Bidegiren eta aldundiaren artean, orain arte egon diren desfaseen garaia” amaitu dela esan du. Oraindik egiteko dauden Urretxu-Antzuola eta Antzuola-Bergara zatien lanei erreparatuta, “kostua altua” dela esan du, baina Gipuzkoarentzako “ezinbestekoa” den azpiegitura dela gaineratu du. Errepide honetan bidesaria jartzeko aukeraz ere hitz egin du “ikusteko dago oraindik, Batzar Nagusietan eztabaidatu behar dugu, baina aukera asko dago”, esan du.
2015erako amaituta
Beasain-Bergara ardatza amaitzeko bi fase egitea gelditzen da oraindik.Hirugarren fasea, Urretxu-Antzuola zatiari dagokiona da. 2011ko uztailean hasi zituzten lanak eta 30 hilabeteko epea dute amaitzeko. Obra Bidegiren zuzendaritzapean egiten ari dira Amenabar eta Moyua enpresa eraikitzaileak, eta 42,8 milioi eurotan esleitu zitzaien. Zati honen mutur banatan lotune bana egongo da. Beste ezaugarri nagusia, Deskargako mendatea saihesteko egingo den 710 metroko tunela izango da.
Laugarren eta azken fasean, Antzuola eta Bergara lotuko ditu errepideak. Ugartek esan duenez, zati honetako lanak aldundiak berak hartuko ditu bere gain. Proiektua, une honetan, tramitazio fasean dago eta 2013an hasiko dira lanak. 5.800 metro izango ditu luzeran, eta Antzuolako lotunetik herrira pasatzeko hainbat zubibide egingo dira. Bide zati hau amaituta, eskualdeak lotzeaz gain, N-1 eta AP-1 errepideak ere lotuta geldituko dira. Lan guztiak “2015eko apirilerako” amaituta egotea espero dutela esan du Garitanok.
Ikusi jarraian Gotzon Aranburuk prestatutako bideoa
