Minbiziaren Aurkako Elkarteak urtarrilean Zumarragan egoitza ireki zuenetik, barrura zein kanpora begirako ekintzak segidan antolatzen ari dira. Kolon minbiziaren prebentzioari heldu zion Osakidetzak 2009an, eta elkartea, bide beretik, prebentzio lana indartzen ari da. Zumarragan egin berri duten hitzaldian minbizi mota honen eta elikadura ohituren arteko lotura estua dela erakutsi dute. Antton Otaegi Ezkio-Itsasoko kontsultategiko lehenengo arretako medikua da. Berak, hitzen eta grafikoen bitartez minbizi mota honen berri eman, eta Casino elkartean bildutakoen galderei erantzun zien. Basque Culinary Center-eko Antonio Sanchez sukaldariak, bien bitartean, elkarteko sukaldean hiru plater prestatu zituen. «Elikadura osasuntsua eta zaporeen gozoa bateratu daitezkeela ikus dezazuen», esan zuen.
Otaegik zuzenean heldu zion gaiari hasieratik, «minbizia hitzarekin batera beldurraren sentipena dator, baina minbizi batzuk sendatzen dira, eta beste batzuk garaiz antzematerik ez dago». Etxean kolon minbizia saihesteko hartu daitezkeen neurriak izan zituen hizpide. Eta, elikadurari ezinbesteko garrantzia eman zion. «Gorputzarentzat txarra den elikagai gutxi dago, aldea frekuentziak ezartzen du; ezer ez genuke gehiegi jan behar». Haragi gorri gehiegi jatea ez dela ona zehaztu zuen bereziki. Erretzea «ezertako ez da ona» errepikatu zuen behin eta berriro, eta erretzeari uzteko gomendioa luzatu zuen. Alkohola ere, gehiegi hartuz gero, «txarra» dela gehitu zuen.
Elikadura osasuntsuaren ardatza fruta, produktu begetalak eta barazkiak dira. «Zuntzak esteei laguntzen die, erraztu egiten du prozesua». Egunero bost aldiz jatearen garrantzia nabarmendu zuen.
Erreportaje osoa bihar Goierriko Hitzan