Korrika 18k bigarren bisita egingo du Goierrira bihar. Pasa den astean Goierri behea zeharkatu eta Euskal Herrian barrena ibili eta gero, Goierri garaira iritsiko da bihar ordu txikitan. Urretxun, Zumarragan eta Legazpin barrena ibiliko da «17 kilometroko zeharkaldian», Aitor Arando Goierri garaiko Korrikako arduradunak esan duenez. Hemendik Deba goienera joko du Korrikak Udanako bidetik Oñatirantz.
Goizeko 1:50 inguruan iritsiko da bihar Korrika Urretxura. Urretxuko eta Zumarragako herriguneetan barrena ordubeteko bidea egin eta gero, joko du Legazpira, 2:50 aldera. Guztira 17 kilometroko bidea izango da, zortzi Urretxun eta Zumarragan eta bederatzi Legazpin.
Guztira 37 lekuko aldaketa egingo dira bailaran eta «42 elkarte, talde eta eragilek» eman diote bere atxikimendua Korrikari. Tartean daude lau herrietako udaletxeak, ikastetxeak, euskara elkarteak, kultura eta musika taldeak, alderdi politikoak, enpresak, norbanakoak eta eragile ezberdinak.
Korrika, festarako aitzakia
Korrika festa handi bat izan ohi da, eta horren adibide dira bai bihar eta bai datozen egunetan Urretxun, Zumarragan eta Legazpin antolatu dituzten ekintzak. Legazpin, adibidez, bihar bertan hasiko dira giroa berotzen. «Triki-poteoa hasiko dugu 20:00etan herrigunean, 21:30ean 50 bat pertsona inguru bilduko gara afaritara gaztetxean, eta 23:00etan, Euskalduna naiz eta arraro nago antzezlana eskainiko dute bertan», gero petoak jantzi eta korrika egiteko prestatuko dira bildutako guztiak.
Etzi, Buah txabal! antzezlana eskainiko diete Latxartegin eskoletako haurrei eta arratsaldean Korrika Txikiak izango dira: «15:45ean Legazpin, Goierri tabernatik, eta 15:30ean Zumarragako parrokiatik abiatuta». Urretxu-Zumarragan arratsaldean ere jarraituko du festak, «19:00etan bertso-triki-poteoa izango da bertso eskolak antolatuta. Ostiralean, ikasleen ginkana erraldoia dago 17:00etan Areizaga-Kalebarren plazan, 18:30ean txokolate jana eta 19:00etan musika kontzertua».
Larunbatean amaituko da Korrika Baionan eta hara joateko autobusak antolatu dituzte bertatik. Izena eman daiteke «Gurrutxagan, Kukuen, Karibe Zaharrean eta gaztetxean» Legazpin. Urretxu-Zumarragan, aldiz, «Motzen, Osaban eta gaztetxean».