Iñaki Beitia zumarragarraren omenezko mendi martxan iazko ibilbidea errepikatuko dute. Maiatzaren 19an izango da aurtengo Beitia mendi martxa. Iazko eguraldi txarra dela-eta, «partaideek ibilbideak eskaintzen dituen parajeak gozatu ezin izan» zutela diote antolatzaileek. Hori dela eta, aldaketa txikiak kenduta, iazko ibilbidea errepikatzea erabaki dute.
Ibilbide bakarra izango da aurtengoan ere. Goierri, Deba Garaia eta Urola-Kosta eskualdeetan barrena ibiliko dira mendizaleak. Ibilaldiak 35,43 kilometroko luzera eta 1.906 metroko gainbehera izango ditu. Iazko ibilbidearekin alderatuta, aldaketak bi dira nagusiki: Elosumenditik igaroko da eta Irimotik beherako bidea Neberatik egingo dute. Bestela, iazko ibilbide bera izango da. Areizaga-Kalebarren plazan kokatuko dute irteera. Irteera ordua 07:00etatik 07:30ra da, eta antolatzaileek iazko egoera gogoan, honakoa adierazi dute: «Ibilbidearen hasierako lerroan parte hartzen duen jendetza handia denez, ordu tarte horretan irteera ematen jarraituko dugu. Ez litzaiguke gustatuko iazko edizioan gertatutako egoera lotsagarria berriz jazotzea, irteera ordua baino lehenago helmugan ez baitzen jada inor geratzen».
Mendirik mendi
Etxaburutik igarota, Santa Barbarara igo eta Irimora egingo du mendi martxak. Irimon egongo da lehenengo kontrola. Neberatik jaitsiko dira, eta handik Baztarriña baserrira egingo dute mendizaleek lehen anoa-postua aurkitzeko. Bertatik Gorlara, eta Elosumendiko gailurrean kokatutako bigarren kontrola pasata, Aizpurutxora jaitsiko dira; beste kontrol gune bat eta anoa-postua izango dira han. Ule baserriraino igoko dira jarraian, eta aurrerago Oleta lepora egingo dute; azkenaurreko kontrola han izango da. Oletatik, zuzen jaitsiko dira Agiñaga auzoko anoa-postura. Ibilbidea jarraituz, Abendaño eta Izukitza baserrien ondotik igaro ostean, bidegorrira helduko dira, eta bideari jarraituz Areizaga-Kalebarren enparantzako helmugara iritsiko dira. Azken kontrola eta anoa-postua bertan kokatuko dituzte urtero bezala. Iñaki Beitiak euskararen alde egindako lana gogoan, Elosumendin eta Oletan arnasa hartu eta, euskaraz bizi nahi dut lelopean, argazkia egiteko deialdia egin dute antolatzaileek.
Izen-ematea
Internet bidez izena emateko epea maiatzaren 1ean irekiko dute, eta beitia.org webgunean epea zabalik egongo da 17ra arte. Bestalde, Urretxun eta Zumarragan bertan maiatzaren 2tik aurrera izena eman ahal izango da ondoko tokietan: Urretxuko Aldiri polikiroldegian, Zumarragako Ispilla polikiroldegian eta Ostadar mendi taldearen egoitzan. Izen-ematea martxaren aurreko egunetan eginez gero, 8 euro ordaindu beharko dira; martxaren egunean bertan eginez gero, 10 euro. Antolatzaileek aurreratu dute argazki rally-a antolatuko dutela, eta irabazleek bi lagunentzako afaria jasoko dutela. Urretxu eta Zumarraga kanpotik heltzen diren mendizaleei Urretxuko lizeoaren azpiko soinketa-gelan lo egiteko aukera eskainiko diete, eta bi herrietan aparkaleku bereziak egokituko dituzte.