Jendetza bildu du bere baitara Korrikak Goierri garaian. Gaur goizaldean, 1:50 inguruan heldu da euskararen aldeko martxa Urretxura. Ordu txikiak izanagatik, euskaltzale askok hartu dute parte bi urtez behin ospatzen den ekimen honetan. Guztira 17 kilometroko ibilbidea egin du Korrikak Goierri garaian, Deskargako portutik Udanako gaineraino. Tartean, 37 elkarte eta erakunde ezberdinek eraman dute lekukoa.
Korrikak Baiona du helburu eta Goierri garaia utzita bideari jarraitu dio goizaldean, baina Korrikaren eta euskararen aldeko festak ez du etenik izan. Korrika Txikia egin berri dute ikastetxeetako ikasleek arratsaldeko lehen orduan. Tritxerako plazatik atera da Korrika Txikia 15:30ean.
La Salle-Legazpi ikastetxekoek eraman dute lekukoa Bidezahar kaletik behera, Areizaga-Kalebarren plazatik Urretxuko aldapan gora Labeaga kaleraino. Bertan, Jose Mari Lasa plazan Gainzuri ikastetxekoak zituzten zain eta beraien kargu joan da lekukoa Pagoeta auzora bitartean. Handik Zumarragako plazara arteko bidean, Urretxu-Zumarraga ikastolako kideak izan dira martxaren buru. Arratsaldean zehar ere luzatuko da festa, bertso eskolak antolatuta bertso-triki-poteoa egingo baitute 19:00etatik aurrera.
Bihar ere izango da Korrikaren aitzakian antolatutako ekintzarik. Areizaga-Kalebarren plazan, ikasleen arteko ginkana dago17:00etan, eta hori amaituta, 18:30ean txokolate jana egingo dute bertan bildutakoek. Leku berean musika kontzertua eskainiko dute 19:00etan herriko taldeek. Korrika igandean iritsiko da bere helmugara, Baionara, baina aurretik kilometro ugari ditu oraindik egiteko. Bertara joateko autobusetan izena emateko aukera dago Osaban, Motzen eta gaztetxean.
Ikusi jarraian Korrika bideoa