Zumarraga Zuhaitz Eguna ospatuko dute bihar Zumarragako Udalak antolatuta. Aurtengoan 83 zuhaitz landare landatuko dituzte, eta ekimenean 155 lagunek parte hartuko dute; horietatik, jaio berri diren 57 haurren gurasoak izango dira eta 98 ikasle, ikasleek taldeka egingo dute landaketa. Aurreko bi urteetan haur jaio berrien izenak jarri izan dituzte zuhaitz bakoitzaren ondoan.
Oraingoan, berritasun gisa, landatzaile guztiek jarriko diote beren izena zuhaitz landareei; ikasleek taldearen izena ipiniko diete. Guztiak, lehenengo hezkuntzako ikasleak izango dira. Lizarrak eta urkiak landatuko dituzte gehien, 25 bana hain zuzen ere. Ezkiak (13), haritzak (10) eta astigarrak (10) ere landatuko dituzte. Azken urteetan bezala, landaketa Zumarragako goialdeko Izazpi auzoan izango da, ospitalearen eta Ipar Haizea auzoaren arteko maldan hain justu. Udalak igotzeko doaneko autobus zerbitzua jarriko du. Autobusa 10:30ean aterako da Elizkaletik eta 12:30ean izango da itzulera. Zuhaitz landaketaren amaieran, 12:00etan, Izazpi auzoko plazan hamarretakoa eskainiko die udalak parte hartu dutenei.