Amaitu da Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoia. Hainbat kanporaketa jokatu ostean, edizio honetako hiru talderik onenak aritu ziren ostiral iluntzean egin zen finalean, lepo bete zen gaztetxeko taula gainean. Azkenean, eta aurreikuspenak betez, Itziar Pildainek, Amaia Iturriotzek eta Maialen Akizuk osatutako Kontuz atsuak taldea izan da epaimahaiaren iritziz aurtengo onena. Txapelketa herrikoiaren historian, finala irabazten duen neskez osatutako lehenengo taldea izan da.
Ostiral iluntzean jokatu zuten finala, ohi bezala Urretxuko eta Zumarragako gaztetxean. Taldea irabazleaz gain, manex Mantxolaren, Antton Fernandezen eta Gaizka Oiartzabal Pitilloren Maneksen banda eta Mikel Iturriotzek, Jon Mendizabalek eta Jon Gurrutxagak osatutako Tzitzarito taldeek hartu zuten parte finalean. Antolatzaileek esan dutenez, «finala maila handikoa izan zen eta umoretsua hasieratik bukaerara». Gaztetxean «inoiz baino jende gehiago elkartu zen» eta izan zen barrura sartu ezinik kanpoan geratu behar izan zuen bertsozale bat baino gehiago.
Agurrak umoretsuak izan ziren, eta hortik aurrera «saioak gora egin zuen» aurten egindako berrikuntzen eskutik. Nesken taldeak «saio borobila» egin zuen eta beste biek ere saio «ona» egin bazuten ere «ez zuten nesken erregulartasunik erakutsi». Hala, nesken taldea izan zen aurtengo txapelketako irabazle nagusia. Manex Mantxola izan zen bertsolari gustukoena eta Tzitzarito taldea publikoaren aldetik bozkatuena.
Apirilean bertso saio gehiago
Behin finaleko saioa amaituta, Martxoan Bertsoa Txikia izeneko lehiaketa azkarra ere egin zuten, aurten lehen aldiz. Publikoko jendeak ere parte hartzeko aukera izan zuen, beti umorea ardatz hartuz. Horrela, «amaiera bikaina» eman zioten txapelketari.
Martxoan Bertsoa amaitu da, baina, apirilean ere izango da bertsoarekin lotutako ekintzetan parte hartzeko aukera. Bertso bazkaria egingo dute Agin Rezola eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien parte hartzearekin, oraindik zehaztu ez duten leku eta egunean. Dena den, bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude Motzen, Urretxuko kultur etxean eta Santa Barbaran.
Baina, Martxoan Bertsoakoa ez da asteburu honetan jokatu den final bakarra. Izan ere, igande arratsaldean egin zen haurrei zuzendutako Ezetz Lortu! trebezia lehiaketako finala ere. «Umorea eta saltsa» izan ziren nagusi final honetan ere, antolatzaileen hitzetan. Hamasei taldek hartu zuten parte guztira eta hainbat galbahe pasatu behar izan zituzten.
Egindako proba guztiak gaindituta Sou River (Maren Etxeberria, Endika Martinez eta Izaro Torres) eta Gu Geu (Ane Enparantza, Malen Badiola eta Brandy Peñagarikano) taldeak iritsi ziren azken buruz burukora. Azken proba honetan «emozioa izan zen nagusi» eta azkenean, hainbat desenpate jokatu eta gero Gu Geu taldeko neskak izan ziren irabazle. Antolatzaileek gogorarazi dutenez «guztira 130 haurrek hartu dute parte, hiruko taldetan banatuta» eta kanporaketak eta finala «oso jendetsuak eta umoretsuak» izan dira.
Ikusi jarraian Gotzon Aranburuk eginiko bideoa