Urretxuko udal gobernuak 2013ko aurrekontu proposamena aurkeztu die herritarrei. Obra edo azpiegitura handietan baino, «pertsonetan inbertitu» nahi du udalak Oihane Zabaleta alkateak esan duenez, eta hain zuzen zentzu horretan egituratu dute 2013rako aurrekontu proposamena. Esan dutenez, 8.122.284,49 euro izango ditu udalak aurtengo gastuei eta beharrei aurre egiteko. Behin herritarrei aurkeztuta, hurrengo osoko bilkuran behin betiko onarpena ematea gelditzen da orain.
Hamar oinarriren gainean egituratu ditu Bilduk 2013ko udal aurrekontuak. Politikarien diru sariari dagokienez, «alkatearen eta alkateordearen soldatak izoztu» egin dituztela azaldu zuen Unai Badiola alkateordeak, eta bakoitzak «urteko 36.000 euroko soldata gordina» jasotzen duela gaineratu zuen «Eudelen irizpideetatik %50 gutxiago».
Jon Altolagirre Parte Hartze eta Komunikazio zinegotzia sail hau indartzearen garrantziaz aritu zen. Udalak dituen komunikabideak Kaixo aldizkaria eta urretxubiziz.com web guneak bere horretan jarraituko dute, baita Urretxu Biziz proiektuak ere. Irimo lantokiko gunean parte hartze prozesua ere 2013an amaituko dute Europan proiektuaren barruan, «Eusko Jaurlaritzak emandako 40.000 euroko diru laguntzari esker».
Ingurumena eta nekazaritza «sail estrategikotzat» jo dute. Hala, «110.000 euro bideratuko dira nekazaritzara eta 85.000 euro ingurumenera», Badiolak esan zuenez. Berrikuntza moduan, «inguruko nekazarien produktuak ezagutzera emateko Bertatik Bertara izeneko proiektu bat» jarri nahi dute bailara mailan, Ormaiztegirekin batera. Proiektu honetara «13.000 euro bideratzea» aurreikusten da inbertsioen atalean.
Pertsonentzako aurrekontuak
Inbertsioen atalera «61.618 euro» bideratuko dituzte aurrekontu proposamenaren arabera. Gainzurin eta haur eskolan «15.000 euro gastatuko dira» berrikuntzetan. Haur parkeak hobetzeko «9.000 euro» erabiliko dituzte. «Kultur etxeko berrikuntzetara inbertsioetan aurreikusitakoaren %1,63 bideratuko da eta Labeaga aretora %5», besteak beste.
Alor soziokulturalean Aitor Otegi zinegotziaren hitzetan «talde guztien diru partidak mantendu» dituzte 2013an. Baita kirol taldeei dagokienean ere. Hezkuntza sailean ere «eskolaz kanpoko ekintzen diru laguntzak mantendu» dituztela esan zuen Jorge Andueza Pitu zinegotziak. Gizarte ekintzari dagokionez, helburu nagusia «pobrezia egoeran dauden pertsonak laguntzea» dela esan zuen Altolagirrek. Horregatik sail honetako aurrekontu guztiaren «%8 zuzeneko laguntzetara bideratuko dira». Bestalde bi zerbitzu juridiko berri islatuko dira aurrekontuetan «desjabetze egoeran dauden familiei bideratuta bata, eta indarkeria sexista jasan duten emakumeentzako bestea». Berdintasunean eta Euskaran ere diru partidak mantendu egingo dituzte te eta herritarren parte hartzea sustatzeko lanean jarraituko dute.
Amaitzeko, auzoetan egingo dituzten inbertsioak aparteko atal batean aipatu zituen Badiolak. «Obra txikiak izango dira, baina auzotarrekin adostutakoak». Hala, seinaleztapenera 3.000 euro bideratuko dira, lur zoriak konpontzera 15.000 euro, hiri altzarietara 8.000 euro, elurteetarako 6.000 euro eta auzoetako lanetara orokorrean 14.000 euro.