Ignaziotar Lurraldeak izeneko proiektuaren barruan Antioko baseliza (Zumarraga), Loiolako santutegia (Azpeitia) eta Arantzazuko basilika (Oñati) bateratu zituzten barrualdeko turismoa sustatu asmoz. Orain, urrats bat gehiago eman, eta Goierri garaiko, Urola Erdiko eta Debagoienako turismo eragileek hamazazpi turismo baliabideren zerrenda osatu dute. Gune horietara bisita gidatuak egiteko aukerarik ez da egon orain artean. Ezkutuko Altxorrak proiektua dela medio, Aste Santuko oporretan eta udaberri osoan gune horietan bisita gidatuak eskainiko dituzte.
Ermitak, erretaulak, museoak, burdinolak, errotak, jauregiak eta abar ikus ahal izango dira. Bisitak aldez aurretik eskatu behar dira eta bi euroko prezioa izango dute. Hitzorduak eskatzeko ignaziotarlurraldea.com webgunera jo daiteke. Bisitatu daitezken tokiak ikusita, bisitariak nahieran antolatu dezake bere bisita, beti ere, turismo eragileekin adostu eta gero.
Leku guztien zerrenda bihar, Goierriko Hitzan