Beste bilera bat egin dute gaur Zumarragako ArcelorMittaleko langile ordezkariek eta zuzendaritzak, eta gaurkoan ere ez dute lan hitzarmenaren gaineko adostasunik lortu.
Siderurgia multinazionalak Zumarragan hasi ditu lan hitzarmenaren gaineko negoziaketak, izan ere, lantegi bakoitzak bere hitzarmena dauka. Negoziaketak hasi aurretik, sindikatu guztiek bat egin zuten eta enpresaren proposamena «onartezina» dela adierazi zuten. Proposamen horren ardatzak bi dira: soldata %15 jaistea eta lanaldia 96 ordutan igotzea. Negoziaketak aurrera doaz, eta enpresak bere proposamenari irmo eutsi dio, nahiz eta aurreko astelehenean langile batzordeak bestelako eskaintza bat egin zion: soldatak izoztu bi urtez eta orduetan aldaketarik ez egitea. ArcelorMittaleko zuzendaritzak ez zuen eskaintza onartu.
Gaurko bileran CCOO sindikatuak eskaintza berria egin dio enpresari, oraingoan bere kasa. Eskaintza horretan soldata %8,5 jaisteko prest agertu dira sindikatu honen ordezkariak –Zumarragako Arcelorren ordezkari gehien dituen sindikatua da–. Lan orduak igotzeko prest ere badaude, beti ere, Gipuzkoako metaleko lan itunak ezartzen duenaren azpitik, hau da, 1.697 ordura iristen ez bada. Enpresaren ordezkariek CCOOk luzatutako proposamena ere ez dute onartu. Lanaldiaren gaineko proposamena onartuko lukete, baina soldataren jaitsiera handiagoa izan beharko litzateke. Arcelorreko zuzendaritzak, gaurko bileraren amaieran 1720 orduko proposamena egin die langileei.
Dagoeneko hasi ditu ArcelorMittalek lan hitzarmena hausteko izapideak. Izapideak egiten dituzten bitartean negoziatzen jarraitu dezaketen arren, orain epea ezarri diote negoziaketari, hamabost egunekoa hain zuzen. Datorren ostegunean bilera egingo dute berriz. Edozein modutan, Asier Sudupe LABeko ordezkaria eta langile batzordeko lehendakaria zein Aitor Maestro UGTko ordezkaria bat datoz enpresaren jarrera irmoa salatzerakoan. Suduperen arabera, ««negoziatu baino bere baldintzak inposatu dizkigute». Zumarragako ArcelorMittalen 400 lagun inguruk egiten du lan.