
Bide Bide enpresak kudeatuko ditu Antioko interpretazio zentroko jatetxea zein taberna. Hiru hautagaien artean puntu gehien lortu dituen enpresa da; beste biak Alba Ortiz, Beasaingo Blues Brothers tabernaren jabea eta Ramon Larrañaga izan dira. Mikel Serranok berria iragarri du gaur goizean, Zumarraga Lantzeneko batzordeak erabakia hartu eta jarraian. Serranoren arabera, “eskarmentu handiko enpresa da, bi taberna ditu Donostian eta bat Ibizan; Donostian hirugarrena irekitzekoak dira, eta jatetxeak kudeatzen ere eskarmentua dute”.
Bide Bidek hamar urtean kudeatuko du interpretazio zentroko ostalaritza zerbitzua. Lehenengo urtean 15.500 euro ordainduko dizkio udalari, eta aurrerantzean “kopuru hori mantendu edo igo egingo dugu”, esan du alkateak. Sukaldea hornituko dute aurki, Zumarragako Udalak hornikuntzen %80 ordainduko du. Inaugurazio epeak errespetatzeko konpromisoa ere hartu du Bide Bide enpresak, eta Mikel Serranok inaugurazio hori ekainean izango dela segurtatu du. Hala ere, museoa beranduago irekiko dutela aurreratu du.
Informazio gehiago bihar, Goierriko Hitzan.