
P { margin-bottom: 0.21cm; }Urgadiel elkarteak, orain gutxi, kanpaina bat egin du Urretxuko zein Zumarragako postontzietara mezu argi bat gutun bidez bidalita: «Zure gaixotasuna zurea baino ez da». Angel Rico elkartearen lehendakaria da, eta zintzoki kanpainak ez duela emaitzarik lortu esan du, «beharbada azkarregi da, baina pertsona batek ere ez digu deitu».
Urgadieleko kideak erantzun eza hori «bizi garen gizartearen isla» dela dio: «Besteek gure arazoei irtenbidea eman behar dietela sinistuta gaude, baita gaixotasunei ere. Diabetikoak bagara, medikuek gure eriari konponbidea aurkituko dietela uste dugu». Burutu duten kanpainaren abiapuntua jendearen «utzikeria» da, «norberaren zaintzaz paso egiten dugu; zaintza estetikoa ez bada, behintzat».
Diabeteari dagokionez, gaixotasuna kontrolpean izateko modurik eraginkorrena gaixoa bere buruaren zaintzaz arduratzea da. «Gure elkarteak ez du medikuaren lana ordezkatzeko asmorik, laguntzeko helburua dauka», dio Ricok. Urgadielen jardunaren muina informazioa ematea da, «gaixoak biltzean galderak biderkatu egiten dira, eta diabetea duela esan berri dioten gaixoari lagungarri zaio diabetea aspaldian duen gaixoaren galderak entzutea».
Diabetearen gorabeherak kontrolatzeko prebentzioan egiten dute lan bereziki. Izan ere, gaixotasun honen alderdirik zailena gorabehera horiek kontrolatzea da. «Gluzemia analisia egin, eta 400 puntuko gailurra jota dagoela erakusten badu, larrialdietara joan aurretik, gaixoak jakin behar du zer egin behar duen; adibidez, intsulina azkarra ipini». Urgadiel sortu zutela 13 urte dira jada, diabetea dutenek beren gaixotasunari buruzko informazio falta sumatzen zutelako sortu zuten. Kanpaina honekin, «beren gaixotasunei aurrez aurre begiratzea eskatu diegu urretxuar eta zumarragarrei; konpromisoak hartzea, besteen esku hartzeari ez itxarotea».