P { margin-bottom: 0.21cm; }Uztailaren 3an, Santa Isabel jaien ondoren hasiko ditu Zumarragako Udalak Filipina Uharteak kaleko eraberritze lanak. Proiektuak kalearen berritze integrala hartzen du, eta esleipena egiteko hiru enpresei gonbidapena luzatu die udalak: Lurkide Hondalanak, Mendiola Eraikuntzak eta Artzamendi Eraikuntzak.
Proiektuaren nondik norakoa aurreko asteko osoko bilkuran azaldu zuen Mikel Serrano alkateak. Versalles tabernatik Nekotz albaitaritza klinikara doan aldapako espaloi biak zabalduko dituzte, baina «aparkalekua bere horretan utziko dugu». Errepideko zebra bideak altxatu dituzte ibilgailuek abiadura moteldu dezaten. Led argiak jarriko dituzte kale osoan, eta ur horniduren hoditeria berrituko dute. Hirigintza lanetan erabiliko dituzten materialak Urdaneta Hiribidean erabili dituzten berberak izango dira.
Lanak Santa Isabel ondoren hasteko arrazoi bat eman zuen Serranok, «ordurako La Salle-Legazpi ikastetxeko jarduna amaituta egongo da, eta eskolako martxan ez dugu eragozpenik sortuko». Izan ere, ikastetxeko sarrera nagusia Filipina Uharteak kalean dago. Lanak hiruzpalau hilabetean amaituko dituztela aurreikusi du alkateak.
Zirkulazio aldaketari buruzko informazio gehiago bihar, Goierriko Hitzan
