
Zumarragako VI. Pintxo Lehiaketa ospatuko da asteburuan. Herriko 14 tabernek hartuko dute parte guztira: Alexander, Arkupe, Berri, Bidezar, Bordatxo, Hirukia, Iburreta, Kakueta, Kortaberri, Monterrey, Saski, Txanpon, Zelaikoa eta Ziaboga. Urtean bi lehiaketa antolatzen dituzte: Santa Isabel jaien atarian bat; eta azaroan bestea, buzkantza lehiaketaren testuinguruan.
Alexander tabernako Francisco Javier Tamayok «positiboki» baloratzen du lehiaketa. Tabernariek «une zaila» bizi dutela aitortu du eta horrelako ekimenekin «jendea gehiago irtetera» animatzen dela uste du. Alexander tabernak ez du momentuz saririk irabazi, baina beraien helburua ere ez da hori. «Ez gara sukaldean profesionalak. Ahal duguna egiten saiatzen gara», dio.
Helburua ez da irabaztea
Oraintxe dabil asteburuan eskainiko duen pintxoari azken ukituak ematen; «udaberriko entsalada bat» izango dela aurreratu du. Lehiaketak iraungo duen bi egunetarako «800 edo 1.000 pintxo inguru» prestatuko dituzte. Izan ere, «lehenengo urtean segituan geratu ginen ezer gabe».
Arkupe tabernako berezitasuna kafea izan da ireki zutenik, baina pintxo lehiaketan parte hartzen dute urtero. «Hasieran ez genuen parte hartu nahi. Ni ez naiz sukaldaria eta ez daukagu sukaldea horretarako prestatuta», adierazi du Josune Garinek. Azkenean, hala ere, ekimenean laguntzea erabaki zuten, «kalean giroa sortzen delako». Beraien helburua ere ez da irabaztea, «gu jendeak gustura jango duen pintxo bat egitearekin konformatzen gara». Dituzten mugengatik, 400 bat pintxo egingo dituzte, «piperra eta atuna izango ditu».
Lehiaketa ostiralean 19:00etatik 21:00etara eta larunbatean 12.00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara egingo da. Pintxoak euro batean salduko dituzte, eta parte hartzen duten guztien artean Kabia jatetxean bi pertsonentzako afaria zozketatuko da. Sari banaketa ekainaren 30ean izango da.