
P { margin-bottom: 0.21cm; }Bertsoaren eskualdeko hiriburu bilakatuko da datorren ostiralean Azkoitia eta Zumarraga-Urretxu batzen dituen errepidearen alde banatan kokaturik dagoen Aizpurutxo auzoa. Aizpurutxo Sariaren hirugarren edizioa jokatuko da, eta aurtengoan, gainera, nobedadeak izango dira, aurreko bi ediziotako formatua erabat aldatuko baita. Aurten, herriarteko taldekako txapelketa gisa jokatuko da, eta ez txapelketa indibiduala, aurreko bi urteetan izan den moduan.
Aurreko bi ediziotan, esan bezala, txapelketa indibidual modura jokatu da sariketa; lehenengo edizioan, Maialen Akizu bertsolari urretxuarra izan zen garaile, eta iaz, Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra. Aurten, Azkoitiako, Gabiriako eta Zumarraga-Urretxuko talde bana izango da kantuan, hiru lagunez osatua. Eneritz Artetxe, Silvia Etxaniz eta Ugaitz Beristain izango dira Azkoitiako taldea ordezkatuko dutenak. Gabiriako taldean, berriz, Aitzol Iturbe, Mikel Asurabarrena eta Aratz Igartzabal “Potto” arituko dira kantuan eta Zumarraga-Urretxuko taldean, berriz, Gorka Ojanguren, Asier Sasieta eta Gorka Azkarate. Kantuan arituko diren bertsolariak daukaten maila ezagututa, ostiraleko desafioan bertso lehia ederra ikustea espero da.
Ohi bezala, Aizpurutxo sariketa Aizpurutxoko Itziar jatetxean izango da, eta nahi duen edonor hurbildu daiteke bertara ostiral iluntzean, bertan afaldu eta bertso sariketa bertatik-bertara jarraitzeko. Etxaniz eta Galdosen trikiti doinuak ere ez dira faltako eta festa bikaina izango da, beraz, Aizpurutxon ostiralean. Jokoan, hirugarren Aizpurutxo saria.