
P { margin-bottom: 0.21cm; }Antioko interpretazio zentroaren inaugurazioa atzeratu du Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Hasiera batean Santa Isabel egunerako zentroa irekita egongo zela iragarri bazuen ere, hainbat baldintza tarteko inaugurazioa «uztailean» izango dela esan du, baina ez du data zehatzik aurreratu. Edozein modutan, Santa Isabel egunerako, uztailak 2, «prest dauden zerbitzuak irekiko ditugu»; zerbitzu horiek zehazki zeintzuk izango diren ere ez du esan.
Eraikinaren lanak amaituta dauden arren, kanpo aldeko urbanizazio lanak goitik behera baldintzatu ditu neguko eta udaberriko eguraldi euritsuak. «Ez da aitzakia bat, errealitate bat baizik», esan du Mikel Serrano alkateak. Bide batez, «beste hobekuntza lan batzuk ere egin ditugu interpretazio zentroaren inguruetan». Horien artean Arkaitzeta gainean, Goiburu baserrirako bidean egin duten harri-lubeta aipatu du, «harri tona bat baino gehiago sartu dugu eremu horretan euriak arazoak sortu dituelako». Zentroaren inguruan egin duten beste hobekuntza «belarra sartzea» izan da.
Azken txanpa
Egunotan mahaiak jartzen ari dira, belarra sartzen, komun publikoetako hornidurak kokatzen, haur jolasen eremua prestatzen, atariko sabaian harri bereziak ipintzen, argien eta instalakuntzen probak egiten eta sukaldea zein taberna hornitzen, besteak beste.