
Eraldatzen emakume elkarteak, Gipuzkoako Haurralde fundazioa, Malen Etxea eta Hitzez erakundeekin batera, memoria historikoa berreskuratu nahi du, oraingoan tokian tokiko ekonomian emakumeek izan duten tokiari erreparatuko diote. Eraldatzen elkarteko Nilda Gorveinen arabera, «diruaren sexu ezkutuari erreparatu nahi diogu, eta emakumeek izan duten rola berreskuratu. Diru-zorroen bilketa egingo dugu, eta emakumeen zorroak sinbolo gisa erabiliko ditugu».
Biltzen dituzten diru-zorroekin erakusketa bat osatuko dute, «ibiltaria izango da, azaroan Donostiatik abiatuko da Gipuzkoan barrena, eta 2014an Zumarragan eta Urretxun ikusi ahal izango dugu». Diru-zorroekin batera, bakoitzaren istorioa gehituko dute, «zorroak jasotzeaz batera fitxa bat beteko dugu, eta informazio hori erakusketan emango dugu».
Landa eremuko emakumeak
Diru-zorroak batzeaz gain, elkarrizketak egingo dizkiete landa eremuan ari diren edo aritu diren euskal emakumeei. «Elkarrizketa horiekin dokumentala osatuko dugu. Urretxun eta Zumarragan hitzartu dugu jada elkarrizketaren bat». Diru-zorroak, finean, «emakumeak diruaren gordailu izan direnaren eta direnaren sinboloa dira».
Egitasmoaren gaineko informazio gehiago eta Eraldatzenekin kontaktuan ipintzeko bideak bihar, Goierriko Hitzan