
Gaur eguerdian Argixao-Amorous egoitzako langileek eta Gerozerlan enpresak aurreakordioa sinatu dute Donostian. Aurreakordio hau iraila edo urria partean lan hitzarmen batean gauzatuko da; itun honek langileen lan baldintzak jasoko ditu. Gerozerlan enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako proposamena onartu du hein handi batean, eta langileek, beren aldetik, onartu dute proposamena.
Finean, aldundiak soldataren 2,6ko igoera eskatzen bazuen, enpresak 2,2koa proposatu du, eta langileek aurten 84 euroko galera izango badute ere, amore eman dute datorren urtean 2,6ra igo eta beste egoitzen pare geratuko delako. Lanaldia ez dute ukituko, ez dute beraz ordu gehiago lan egin beharko.
Atzo langileek asanbladan aho batez baiezkoa eman zioten akordioari, eta gaur eguerdian langileen ordezkariek sinatu egin dute Donostian. Langileak pozik agertu dira bi hilabeteko greba mugagabearen ondoren. Gaur, dagoeneko, normaltasunez lan egin dute, eta ez dute kanpalekua ireki.